XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. KATALUNIA, KATALUNIA GRAN ETA PAISOS CATALANS.

Etniaren ikuspegitik behatuta, eta alderdi honi lotu nahi litzaioke batipat lan hau, ez luke inongo zentzurik izanen katalan arazoa espainiar Estatuko lau probintzia ezagunen herrialde geografikora murriztuko bagenu, eta are guttiago ofizialki onhartua izan zaion 1833ko probintzi eraketaren araura hartuko bagenu.

Jakina denez, badago Ipar Katalunia bat frantziar Estatu barruan: Rosello izenez ezaguna, nahiz eta deitura hori herrialdeko alderdi bati besterik ez dagokion.

Kataluniaren zatibiketa, 1659an datza, Espainia eta Frantziak Pirinioko Tratatu sonatuaren bidez egundainokoxe mugak erabaki zituztenetik, hain zuzen, bai Euskaldunak eta bai Katalanak zatibitan ebakitzen gintuztelarik.

Jakina da, bai eta, Andorrako Printzerria 452 km2 eta 19.000 bizilaguneko katalan hutsezko Estatu ttipi bat dela, eta katalana duela bere hizkuntza ofiziala.

Harridura handiagoa sortzen du, ordea, gaztelaniaz Levante (Castellon, Valentzia eta Alicante) deitu lurraldeak, eta Balear irla taldeak, eta bai eta Aragoa ekialdeko lur-zerrendak ere, inongo duda-mudarik gabe, Paisos Catalansen zati bat izateak (katalanezkoak direla esan nahi da noski).

Katalunia Gran izenez deitzen dena, ez dugu Katalunia etnikoaren deitura besterik.

Gauza hauk ezagutzen dituzte, alde batetik, hizkuntzalariek.

Hauek badakite, adibidez, Elx-en (Elche), Evissa-n (Ibiza), eta Mequinençan (Mequinenza), hots, ohizko Kataluniatik kanpo, katalanez mintzatzen direla egun ere; eta badakite, bai eta, experientzia zuzen batez eta bizi izan dutelako, alde horietatik ibiltzeko aukera izan duten katalanek ere.

Alabaina, beste aldetik, katalan arazo hori xahutu eta zatikatzeko, folklore huts eta Vich-en saltxitxoi batetan bilaka erazteko egin izan diren etengabeko eginahal horiek ere izan dute beren zerikusi geografikoa.

Eta era horretan beste inongo hizkuntzak baino gehiago ez duen dialekto desberdintasunean oinharrituz, sartu izan da zenbait burutan eta halako arrakastarekin gainera, ezjakintasun mailaren arabera noski, sartu izan dela diogu, gauza bat dela Katalunia eta beste bat Valentzia, eta are urrunagoko zerbait Rosellon.

Izan ere, arras ezaguna zaigu katalan dialektoen artean datzaten desberdintasunen jatorria, nahiz eta beren artean ez bada sekulan halako elkar ezinulerturik egon izan ere: Erdi Haroko azken aldera katalan Estatuak lur jo zuenean, zenbait lurralderen arteko giza loturak lasatu edo eten egin ziren, eta, jakina, dialektotzearen bideak ere erraztu.

Ondoren bezala, desberdintasunak, dudagabeko hizkuntz batasun baten baitan izanik ere, sakonagotu eginen dira, egungo Paisos Catalans deituek honako eskualde eta demografi dentsitatea hartzen dituztelarik (1966).